Foundation for Endangered Languages (FEL) erakundeak antolatu duen mundu mailako FEL XXIX 2025 Conference-n parte hartu du Easo Politeknikoko Miguel Angel Elkoroberezibar irakasleak. “Galdutako katebegiaren bila: Hizkuntza eta kultura-aniztasuna sustatzeko 18. helburuaren sorrera” hitzaldia egin zuen Easoko irakasle-ohia den Mikel Mendizabalekin batera (gaur egun Mutrikuko Kardalako irakaslea da). Euskal Heriko Unibertsitateko Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrako Ines García-Azkoagaren eta Itziar Idiazabalen kolaborazioa ere izan dute. 2017ko azaroan, Easo Politeknikoko Ingurumen hezkuntza eta kontrola goi mailako heziketa zikloan, nazioarteko politiketan hizkuntza eta kulturek zuten presentzia urria ikusirik, 2030 agendari 18. helburu bat gehitu zitzaion, hizkuntza eta kulturen aniztasunaren babesa plazaratzen zuena. Ekimen honek hizkuntza aniztasunak iraunkortasunean duen garrantziaz hausnartzeko balio izan zuen eskola barnean eta horretarako ezinbestekoa izan zen Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedraren (MHOUK) ezagutza eta eskarmentua. Elkarlan horren ondorioz 18. helburuaren proposamena Euskal Herrian zehar zabaltzen hasi zen eta ekimenak denboran zehar oihartzun zabala lortu du bai Euskal Herrian eta baita nazioartean ere.
18. helburuaren abiapuntua azaltzeaz gain etorriko diren nazioarteko iraunkortasun eta garapen politiketan hizkuntzek dagokien pisua izatea aldarrikatu dute hizlaroek.




