Gaur, Hondakinak Prebenitzeko Europar Astearen harira, Elikagaiak Merkaturatzeko 1. eta 2. mailako ikasleok bisita berezi bat jaso dugu: Ingurumen Hezkuntza eta Kontroleko 2. mailako ikasleena.
Astean zehar gai honen inguruan lanean aritu ondoren, beraien ekimena aurkeztu digute, gailu elektriko eta elektronikoek gizartean eta ingurumenean duten eraginaren inguruan sentsibilizatu eta kontzientziatzeko helburuarekin.
Bisita hau, atzo Okendo Plazan egindako jardueraren jarraipena izan da. Bertan, ikasleok hondakinen prebentzioa eta berrerabilpena ardatz dituen karpa bisitatu genuen, eta hainbat ikastetxek hondakinak erabiliz sortutako artelanak ikusi genituen. Artelan horien artean, Easo Politeknikoko Ingurumen eta Kontrol zikloko 1. mailako ikasleek egindakoa ere topatu genuen.
Gaurko saioan, Ingurumen Hezkuntza eta Kontrol zikloko 2. mailako ikasleekin dinamika ezberdinak egin ditugu: galdetegi bat, debate gidatu bat eta gaiarekin lotutako mahai-joko bat; gailu elektronikoek gizartean eta ingurumenean duten eraginaren inguruko hausnarketa bultzatuz.
Dinamika hauei esker, hondakinen prebentzioaren garrantzia modu aktibo, dinamiko eta parte-hartzailean landu dugu.
Lan bikaina egin dute Easo Politeknikoko gure kideek!




