2026ari ongietorria emateko, elkarlanean oinarritutako esperientzia berri bati ekingo diote Easo Politeknikoko Mendekotasun-egoeran dauden pertsonei arreta zikloko 1. mailako ikasleek. Ikasturte amaierara arte luzatuko den proiektu honen bidez, ikasleak binaka joango dira astelehen eta astearteetan Amarako Garagunera.
Ekimenaren helburua ez da soilik sukaldean jardutea, pertsonen arteko loturak eta esperientzian oinarritutako ikaskuntza sustatzea da. Horretarako, sukaldea bihurtuko da proiektuaren muin eta topagune.
Baina, zer egingo dute zehazki? Sukaldean esku bat botatzeaz gain, elkarreraginaz gozatuko dute. Izan ere, errezeten artean aritzea aitzakia ezin hobea da istorioak trukatzeko: bertako kideen bizipenetatik ikasiz eta une atseginak partekatuz, ohiko ikasgelatik haratago doan harremana sortuko da.
Sukaldeko usain eta zaporeen artean, oroitzapen berriak eraikiko dituzte datozen hilabeteetan, elkarrengandik ikasiz eta giza-loturak indartuz.




