Ikasleen agurra emozioz betetako ekitaldian

Otsailaren 23an giro berezia bizi izan zen Mendekotasun-egoeran dauden pertsonei arreta emateko heziketa-zikloan. 1. mailako ikasleek agur beroa eskaini zieten 2. mailakoei, izan ere, ikasturtearen azken zatia ikastetxetik kanpo igaroko dute: hiru hilabetez praktiketan arituko dira hainbat eguneko zentrotan.

Ekitaldia ez zen ohiko despedida hutsa izan. Ikasleek gela guztiz eraldatu zuten, alfonbra gorria jarriz eta graduazio giroa sortuz. Horretarako, graduazio-txapelak eta koilare pertsonalizatuak prestatu zituzten 2. mailakoen izenekin, ospakizunari kutsu sinboliko eta hurbila emanez.

Antolaketan, 1. mailakoak bi taldetan banatu ziren: batzuek merendola prestatzen jardun zuten bitartean, besteek 2. mailakoekin batera dinamika eta jolasak egin zituzten. Lehenengo jokoan galdera-erantzunen txanda egin zen; galderak entzun ondoren, parte-hartzaileek izen bat proposatu behar zuten eta puntuak arbeleko taula batean apuntatzen ziren. Azkenean, irabazleak medaila jaso zuen txalo artean.

Bigarren dinamika “orkestra jokoa” izan zen. Parte-hartzaileetako batek gelatik irten behar zuen, eta barruan geratzen zirenek zuzendari bat aukeratzen zuten. Itzultzean, zuzendariak mugimenduak egiten hasi eta pixkanaka aldatzen zituen, gainerakoek imitatzen zituzten bitartean; kanpora joandakoaren helburua zuzendaria nor zen asmatzea zen. Jokoak barreak eta giro alaia ekarri zituen.

Ondoren, 2. mailako ikasleek beren esperientziak eta aholkuak partekatu zituzten 1. mailakoekin, etorkizun hurbilean biziko duten praktikaldiaz hitz eginez. Ekitaldiari amaiera emateko, guztiek batera merendola dastatu zuten, eta gela berdeko 1. mailakoek prestatutako photocall-ean argazkiak atera zituzten oroigarri modura.

Horrela, agurra ez zen soilik despedida bat izan; etorkizun profesionalari ateak irekitzeko une hunkigarria ere bihurtu zen.

Honekin lotutako beste albiste batzuk: