| Joan den ostiralean, Easo Politeknikoko osasungintzako eta Monte Albertiako irakasleok osasun-jardunaldietan hartu genuen parte. Bertan, aurten martxan egon diren hainbat ikerketa-ildo eta proiektu berritzaile jorratu ziren, osasun-arloarekin eta arlo biomedikoarekin lotutakoak guztiak.
Aurkeztutako jardueren artean, 4 berrikuntza-proiektu nabarmendu ziren. Aho eta Hortzen Higieneko irakasleek “Bihotza taupaka, irribarrea ahoan” eta “Ahodditive” aurkeztu zituzten. Lehenengoan, sortzetiko kardiopatien eta hantura sistemikoaren arteko erlazioa aztertu zen, non IL-6ren listuko kontzentrazioa neurtu zen adierazle gisa. “Ahodditive”-en, berriz, hortz-kliniketan egindako aho barruko eskaneatzeak baliatu ziren hortz-protesiak hobetzeko asmotan. Era berean, Monte Albertiak “ON-kologia 360º, paziente onkologikoen ongizatea ardatz” proiektua aurkeztu zuen, paziente onkologikoekin arreta integralak duen garrantzia azpimarratuz (bai nutrizio aldetik, bai estetika eta psikologia aldetik ere). Azkenik, Easo Politeknikoko Bioteknologia Medikoko irakasleek azken kurtsoan lanean ibilitako proiektua aurkeztu zuten, “Babes BALak: BALak hesteetako patogenoen aurka babestuz”. Lan honetan, sagardotik erauzitako bakterio azido laktikoek duten ahalmen probiotikoa kuantifikatu zuten. Jardunaldi hauei esker, gure zentroan zein ingurukoetan aktibo dauden ikerketa-proiektuak ezagutu ahal izan ditugu, diziplinartekotasuna eta zientziaren, osasunaren eta berrikuntzaren arteko lotura sustatuz. |
Bigarren saria EkoBosco mermelada lehiaketan
Poz handiz jakinarazten dugu aurten Errenteriko Don Bosco ikastetxean antolatutako EkoBosco Mermelada Lehiaketa lehiaketan…




